2016/11/10

Kannabinoideek memoria galarazten dute, neuronen energia murriztuz

Aspaldidanik jakina zen kalamuaren estraktuak, kannabinoide sintetikoak eta garunak berak sortutakoak bezala, neuronen nerbio terminaletan dauden 1 motako kannabinoideen (CB1) errezeptoreei lotzen zaizkiela eta mezulari kimikoak (neurotransmisoreak) askatzea inhibitzen dutela nerbio zelulak elkarrekin komunikatzen diren guneetan.



Azken urte hauetan are gehiago sakondu da kannabinoideen jokabidean, frogatu baita CB1 errezeptorea ere neuronen mitokondrietan kokatzen dela eta han funtzionatzen duela –mitokondriak zelula energia sortzen duten organuluak dira–. Orain, Nature aldizkariaren sareko bertsioan argitaratutako ikerlan berri batek harago jo du: deskubritu dute kannabinoideek eragindako amnesiak hipokanpoko mitokondrietan dauden CB1 kannabinoideen errezeptoreak aktibatzea behar duela.

Ikerlanaren Bordeleko Unibertsitateko Giovanni Marsicano doktorearen taldeak zuzendu du, eta, emaitzak lortzeko, ezinbestekoak izan dira Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroko ikertzaileak diren Nagore Puente, Leire Reguero, Izaskun Elezgarai eta Pedro Grandes doktoreen ekarpena. Oraingo ikerlanean, ikertzaileek abangoardiako teknika esperimental ugari erabili dituzte, eta ikusi dute CB1 errezeptorea hipokanpoko mitokondrietatik genetikoki ezabatzeak prebenitu egin dezakeela kannabinoideen ondoriozko memoriaren galera, mitokondrietako mugimenduaren murrizketa eta neurona komunikazioaren murrizketa.

Gainera, ikerketak agerian jarri du kannabinoideek eragindako amnesiak eta horiekin lotutako zelula prozesuek zerikusia dutela mitokondrietako jarduera bioenergetikoaren nahasmendu akutu batekin, mitokondrietako CB1 errezeptoreak zuzenean aktibatzean sortzen baita. Errezeptoreak aktibatzean, mitokondriaren barruko kannabinoide seinaleztapena inhibitzen da, eta, horren ondorioz, zelula arnasketa murrizten da. Kannabinoideek eragindako murrizketa hori, baina, ez da garunean soilik gertatzen; antzeko fenomeno bat gertatzen da muskulu eskeletikoan eta kardiakoan, Grandes doktorearen taldeak beste ikerlan batean kaleratu berri duenez.

"Mitokondriek oker funtzionatzeak ondorio larriak eragin ditzake garunean. Esate baterako, mitokondrietako disfuntzio kronikoak eragina du gaixotasun neurodegeneratiboen, iktusen edota zahartzearekin lotutako nahasmenduen patogenian. Alabaina, orain arte ez zen jakina mitokondrien jardueraren bariazio akutuak nola eragiten zien garuneko goi funtzioei; memoriari, besteak beste", adierazi du Grandes doktoreak. Finean, ikerketak erakutsi du mitokondrietako CB1 kannabinoide errezeptoreek memoriaren prozesuak erregulatzen dituztela mitokondrien metabolismo energetikoa modulatuta.

Bestalde, jakina denez, kannabinoideen eratorriak oso baliagarriak dira terapietarako, baina haien erabilera mugatuta dago CB1 errezeptoreekin lan egitean eragiten dituzten ondorio kaltegarriak direla eta (memoriaren galera, besteak beste). Ikerketaren emaitzek erakutsi dutenez, "garunean neuronen konpartimendu espezifikoetan dauden CB1 kannabinoide errezeptore jakin batzuk hautatzea eta aztertzea interesgarria izan liteke garuneko gaixotasun batzuk tratatzeko eraginkorrenak eta seguruenak diren kannabinoide eratorrietan oinarrituriko tresna terapeutiko berriak garatzeko", azaldu du Grandes doktoreak. "Ikerketa hau 6 urteko lanaren emaitza da. 28 ikertzaile aritu gara lanean, eta ezin izango genukeen aurrera egin UPV/EHUk, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako beste erakunde batzuek emandako diru laguntzarik gabe. Izan ere, haiek konfiantza jarri dute gugan, ikerkuntzarako zailtasun izugarriak ditugun urte hauetan; hori aitortu eta eskertu nahi dut", esan du Pedro Grandesek, bukatzeko.

Erreferentzia bibliografikoa

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina