2016/07/28

Narkolepsia (eta II)

Narkolepsia gaixotasun neurologiko kronikoa da eta hau pairatzen dutenek egunean zehar jasan ezinezko logura izaten dute eta batzuetan muskuluen tonua galtzen dute lurrera eroriz (kataplexia legez ezagutzen dena). Kasu gutxi batzuetan lo hartzerakoan mugitzeko gaitasuna galtzen dute (lotako paralisia) eta amets-antzeko haluzinazioak ere izaten dituzte.


Gaixo hauen polisomnogramak (elektroentzefalograma + elektromiograma + elektrookulograma) egunean zeharreko funtzionamendu arruntean REM loaren intrusioak izaten dituztela erakusten du eta ez-ohikoak diren loaren intrusio hauek osatzen dute gaixotasunaren sintomatologia.

Azken urteotan eta hipokretinen aurkikuntza medio, ikaragarrizko aurrerapena egin da narkolepsiaren ezagumenean. Adibidez, txakurretan ere ageri den gaixotasuna da narkolepsia, eta hauen genetika aztertuz, hipokretinen errezeptore bateko mutazioak eragiten duela ikusi zen 2001. urtean. Hala ere, mutazio hauek ez dira lotu giza-narkolepsiarekin.

Gizakietan gaixotasuna multifaktoriala da (hau da, ingurumeneko eta faktore genetikoen arteko elkarrekintzaren ondorioa) eta aunitz konplexua da. Hala ere, hipokretinek badute zer ikusi giza narkolepsiarekin ere. Izan ere, hipokretinen jarioaren arduradun diren neuronak selektiboki degeneratzen dira gaixo hauetan, ustezko eraso autoinmunitario bat dela medio (hau da, norberaren sistema inmunitarioak norberaren zelulen kontra egindako erreakzioa). Beraz, gaixo narkoleptikoek ez dute hipokretinarik garunean eta hauen mailak hutsak dira baita ere likido entzefalo-errakideoan (garuna biltzen duen likidoan).

Aurkikuntza guzti hauek funtzesko ikerketa eta lan pre-klinikoarekin hasi ziren animali ereduetan, eta hauen ezagupenak jarri zuen bidea giza narkolepsiaren oinarri neurobiologikoak sakonago ezagutzeko.

Beraz, istorio polita deritzot oinarrizko ikerketaren balioa ezagutzera emateko eta honek klinikara eman ditzaken aurrerapenak agerian jartzeko. Hare gehiago, hipokretinen errezeptoreak edo antena kimikoak blokeatzen dituzten sendagaiak jada entsegu klinikoetan daude insomnioa edo lorik egin eza tratatzeko, eta Estatu Batuetako Sendagaien Administrazioak (FDA, Food and Drug Administration) orain dela gutxi ontzat eman du mota honetako sendagai bat gizakien tratamendurako, Suvorexant delakoa. Ikusi beharko da gaur egun erabiltzen diren tratamenduen aurrean, sendagai berri honek aurrerapenik ekartzen duen edo ez.


[Suvorexant molekula]

Alderantziz, narkolepsiaren tratamendurako hipokretinak eurak sendagai bihurtzea zailagoa da, garuneko hesi hemato-entzefalikoa (garuna gorputzeko beste sustantzia batzuetatik isolatzen duen hesia) zeharkatzeko gaitasun baxua baitute. Hala ere, aurrerapenak egiten ari dira hipokretinak garunera heltzeko bidearen garapenean. Izan ere, gaur egun gaixotasuna tratatzeko erabiltzen diren lehen aukerak (bizigarriak eta antidepresiboak) ez desiratutako beste ondorio batzuk sortzen baitituzte.

Hortaz, narkolepsiaren tratamenduak ere hemendik urte batzuetara aukera berriak izan ditzake eta gaixo hauen bizi kalitatea hobetzeko esperantzaren atea zabalik utziko dugu.

. . . . .
Egilea: Ainhoa Plaza-Zabala
Juan de la Cierva ikertzailea, Achucarro Basque Center for Neuroscience

Artikulu eta blog hauek, #KulturaZientifikoa eta #dazientziat ekimenak bultzatzen lagundu nahi dute.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina