2015/01/23

Ez dago non bat, han.

Gizateria betidanik izan du bere ingurumena ezagutu eta ezagutza hori era ezberdinetan islatu eta gordetzeko grina. Mundu zabalean, era eraginkorrean ibiltzeko behintzat, ezin bestekoak dira mapak… eta geure buruak sakonki ezagutzeko ere, oinarrizkoak.


2014ko Medikuntza eta Fisiologia Nobel saria, “zerebroko GPS” mekanismoaren aurkitzaileei eman diete, alegia John O'Keefe batetik, eta May-Britt Moser eta Edvard I. Moser bikoteari.

John O'Keefe 1971 urte partean aurkitu zuen hipokanpoan ditugun neurona jakin batzuk, toki batetan gaudenean aktibatzen direla, eta tokiz aldatzean, beste batzuk… horiei kokapen zelula izenarekin ezagutzen ditugu. Zelula horiek, nolabait, tokien mapak marrazten dituzte.

May-Britt Moser eta Edvard Moser bikotea O’Keefe-rekin lanean egon ziren tarte baterako, behin lehenengoak aurkikuntza hori egin zuenean. Urteak geroago, 2005. urtean, zerebroaren GPS sistemaren parte osagarria aurkitu zuten, alegia, espazioan kokapena kudeatu eta bideak sortzeaz arduratzen diren neuronak, kasu honetan lauki-sare edo sareta zelulak deritze, eta zerebroaren beste atal batetan aurkitzen dira, garun-azal entorrinalean hain zuzen ere.

Beraz, orohar badakigu zerebroa zelan konpontzen den munduan zehar ibiltzeko, eta ez hori bakarrik, gaixotasun batzuren sintomak ematen direnean, jakin dezakegu zein ataletan gertatzen diren arazo horiek: Alzheimer gaixotasunean adibidez, kokapenak huts egiten du, hipokanpoa (kokapen zelulak) mintzen delako.

Zerebro barneko mapa ordea ez dugu horren ondo ezagutzen. Batetik, oraintsu arte berau ezagutzeko genituen erremintak ez zeudelako oso garatuak, bestetik arazo etikoengatik, eta seguraski ere, oraintsu arte ez delako antzeman zerebroaren ezagutzak dakarren aberastasuna (munduaren ezagutza eta nabigazioaren onurak ordea, adibidez, oso argiak ziren batzuentzat).

Bada Estatu Batuetan Allen Institute for Brain Science izeneko erakunde pribatu eta filantropikoa, ugaztun ezberdinen mapen sorreran diharduena. Saguekin hasi eta gizakiekin ari dira jada.Saguekin hasi eta gizakiekin ari dira jada. Paul Allen-ek (Bill Gates-ekin batera, Microsoft enpresa ospetsuaren sortzailea) sortu eta babesten du honako erakundea eta bere jarduerak, ozeanoaren alde honetatik sekulako inbidiaz ikusten dugun erabateko bultzada ekonomiko filantropikoarekin.

Sekulako abiadan aurrera doaz lan honetan, eta onena da, beren lanaren emaitza doan ematen digutela mundu osoari. Globalizazioaren eta Internet-en garapenaren alde on bat seguraski.

Bide batez, bakadizu nondik datorren artikulu honen izenburua?

Gertrude Stein-en (idazle eta olerkaria, EEBB 1874-1946) “There is no there, there” piezaren itzulpen bat litzateke, William Gibson-ek (idazlea, EEBB 1948) ziberespazioa deskribatzeko erabili zuena.
Mapak, beraz, onak eta beharrezkoak dira. Berauen erabilera, ai ene, gizakion eskuetan. Akaso zerebroaren mapak ekarriko lituzken onurak bezala...

. . . . .
Egilea: Achucarro Outreach Manager


Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina