2015/02/01

Goibel

Tamalez gaur ez gara neurozientzien inguruko gaiei buruz arituko. Kultura Zientifikoaren 3. Jaialdia (#KZJaia3) ospatzen ari gara, eta poztasunean aritzen ginen bitartean, torpedo bat jaso dugu flotazio mailan, Basque Research webgunea itxi behar izan dute.


@TxoniMatxainen eta beste batzuon grinak bultzatuta, lehen Kultura Zientifikoaren estreinako Jaialdia abian jarri genuenean, zientzia eta kultura, eta batez ere gure euskal kulturaren ardatz nagusia den euskara ospatzeko ekimena plazaratu genuenean, herri txiki honek mundu zabalari eskaintzen zion aberastasunetako bat erakusten lagundu nahi genuen, zientziaren kultura ere euskaraz egin eta bizi daitekelako.

Achucarro zentrotik beti ikusi izan duzu Basque Research webgunea ezinbestekoa zen (den) ekimen bat bezala, euskal zientziaren plaza.

Penatuta eta oso goibel gaude. Euskal zientziak hurrengo urteetan gero eta nazioartekoagoa izateko erronka du, eta ezagutza berrikuntzan bihurtu, eta horretarako, zientzia sistemako agente ezberdinak egiten ditugun jarduerak toki batetan erakustea, erakustoki zoragarria da.

Leire Canciok oso argi azaltzen ditu artikulu honetan euskal zientziak dituen erronkak, eta Basque Research zerbitzuaren etetea (espero dezagun) eragin duten gertaera ezberdinak.

Jakin genuenetik, Laboaren ahotsan entzundako Leteren letrak etengabe dabiltza, Izarren hautsa alegia, badakizue.
Beren aukeren jabe eraikiz ta erortzean berriro jaikiz
ibiltzen joanen direnak: gertakizunen indar ta argiz
gure ametsa arrazoi garbiz egiztatuko dutenak.

Besarkada handi bat Elhuyareko lagun guztientzako.
 . . . . .
Egilea: Jaime Sagarduy, Achucarro zentroko kudeatzailea

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina