2016/04/15

Euskal neurozientzialari bat Budapesten

Zientziak etengabeko mugimenduan dabil, gizakion ezagutzaren zabaltzea (batez ere, baino ez soilik) helburu duelarik. Baina zientzia ez da mugitzen den bakarra: zientzialariak ere beti lekuz aldatzen gabiltza. Batzuetan, laborategiko mahaitik, artikuluak idazteko ordenagailura; bestetan, hitzaldi edo kongresuetara; eta bestetan, atzerrira goaz denboraldi baterako.



Hori da nire kasua orain: Budapestera etorri nintzen doktoretza ondoren ikertzen jarraitu eta hobetu nahian. Irailean hasi zen abentura berri hau, baina onartu behar dut niretzat ez zela hain zaila izan, ez baitzen nire lehenengo aldia hemen.

Tesia egiten nuen bitartean hiru hilabetez etorri nintzen, gure esparruan, eta nazioarte mailan, famatua den István Katona irakaslearen laborategira. Guztiz txoratuta geratu nintzen egiten zuten lanarekin eta, nola ez, hiri honek ere maitemindu ninduen! Beraz, esperientzia zoragarri horren ondoren eta jakinda erabat gomendagarria dela atzerrira joatea doktoretza bukatzean, nire laborategira bueltatu baino lehen erabakia hartu nuen: Budapesten egin nahi nuen doktoradutza-ondokoa, eta Katonarekin. Eta horretan nabil.

Laborategi honetan bereziki sistema endokannabinoidearen inplikazio patofisiologikoak aztertzen dituzte, eta teknika berri bat erabiltzen eta garatzen ari dira, STORM (STochastic Optical Reconstruction Microscopy) delakoa. Hau da, berreraikuntz mikroskopia optiko estokastikoa. Teknika honek super-ebazpeneko mikroskopian datza, eta zelula mota zehatzetan molekulen kuantifikazioa baimentzen digu nanoeskala mailan. Hau da, beste mikroskopio teknikek ez bezala, STORMek partikulen kuantifikazioa baimentzen digu. Eta ez soilik kuantifikazioa, baizik eta lokalizazioa zehaztea ahalbidetzen digu. Beraz, neuronen sinapsietan pentsatzen badugu, botoi presinaptiko bakoitzean dauden hartzaileak kontatu ditzakegu, eta distantziak neurtuz haien lokalizazio zehatza aztertu dezakegu, hau da, sinapsitik hurbil, urrun edo zelularen barnean dauden ikasi dezakegu. Honi esker, hartzaileen dinamikak aztertu ditzakegu eta, adibidez, farmakoek duten eragina ikertu dezakegu maila molekularrean, dosiak egokitzeko.

Oraindik teknika berria denez, arazo ezberdinak gainditu behar ditugu, baina hasieran esan bezala, zientziak beti aurrera doa, eta aurrerapausoak ematen goaz egunero. Beraz, positiboak izan gaitez eta etorkizuneko lorpenetan pentsa dezagun, beti gizartearen onurarako.
. . . . .
Egilea: Ana Bernal
Doktoradutza-ondoko ikertzailea Budapesten #EHUalumni


Artikulu eta blog hauek, #KulturaZientifikoa eta #dazientziat ekimenak bultzatzen lagundu nahi dute.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina