Droga guztiek, bai legez-barrukoek (alkohola, tabakoa) zein legez-kanpokoek (kokaina, heroina, anfetaminak…) dopaminaren jarioa errazten dute garunean. Dopamina neuronek beraien artean komunikatzeko eta funtzio ezberdinak erregulatzeko erabiltzen duten sustantzia bat da. Besteak beste, dopaminak plazerrarekin zerikusia duten portaerak kontrolatzen ditu. Hau da, gustoko diren estimuluak (adibidez, janari gozoek edo sexuak) dopamina jarioa eragiten dute garunean eta honek plazerra/ongizatea kodifikatzen du. Sentsazio positibo horrek jokaera/estimulu horiek selekzionatu eta errepikakor bihurtzen ditu. Berdintsu, drogek dopamina jarioa errazten dute garunean eta ongizatea/plazerra eragin, drogak kontsumitzeko portaera errepikakor bihurtuz.
Hala ere, dopaminak eta honek eragindako plazerrak hasierako droga kontsumoa azaltzen dute soilik (gogoratu Musikaren Onurak azaldu genituenean). Izan ere, drogen kontsumoa kronikoa bihurtzean dopamina jarioa gutxitu egiten da eta lehenago honen isuria sortzen zuten estimuluek ez dute ia eraginik izango. Orduan, nahiz eta hasiera batean drogak sentsazio positiboak bilatzeko kontsumitu, geroago droga hartu ez izanaren ondoeza ekiditeko mantentzen da kontsumoa.
Dopaminaz gain, garuneko beste zirkuitu anitz ikutzen eta aldatzen dituzte drogek. Besteak beste, estresarekin zerikusia duten garuneko zirkuituetan ere adaptazioak sortzen dituzte, drogo-menpekotasuna duten gaixoek estresaren aurrean erreaktibitate handiagoa erakusten dutelarik.
Jakina da estresa faktore erabakigarrietako bat dela abstinentzia denboraldi luzeak eta gero drogen kontsumora bueltatzeko. Hain zuzen ere, drogo-menpekotasuna duten gaixoen bereizgarrietako bat drogen kontsumora behin eta berriz erortzea da, nahiz eta abstinentzia denboraldi luzeak igaro.
Eta nola azaltzen da fenomeno hau?
Arinago esan bezala, drogek garuna bere osotasunean ikutzen dute eta garunak ikasteko eta jokaerak errepikakor bihurtzeko erabiltzen dituen zirkuituak ere bahitzen dituzte drogek. Horrela, beraien kontsumo kronikoak garuna pixkanaka aldatzen dute, drogekin zerikusia duten estimuluak eta portaerak selekzionatuz eta potentziatuz, drogo-menpekotasunaren espiralean gero eta barrurago murgilduz.
. . . . .
Egilea: Ainhoa Plaza-Zabala
Juan de la Cierva ikertzailea, Achucarro Basque Center for Neuroscience
Artikulu eta blog hauek, #KulturaZientifikoa eta #dazientziat ekimenak bultzatzen lagundu nahi dute.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina