2016/07/26

Narkolepsia (I)

Lo egitea funtsezko premia da gizakiontzat. Esan beharrik ez dago lorik egin gabe bizitzea ez dela posible eta lorik ez egiteak eguneroko funtzionamendua kaskartzen duela, batzuetan konplikazio neurologiko eta psikiatrikoak ere azaleratuz. Hortaz, lo- eta esna-aldien zikloa oso fin kontrolatuta dago. Eta nork dauka erregulazio honen giltza? Nola ez, gaurkoan ere garuna izango dugu protagonista.

 
Elektroentzefalograma garuneko uhinak antzematen dituen teknika da eta klasikoki, beste teknika batzuekin batera (elektromiograma, elektrookulografia), lo- eta esna-aldien zikloa aztertzeko erabili da. Teknika honen bitartez, esna eta lo gaudeneko uhinen patroia aztertu daiteke eta honek garunaren aktibitate-maila isladatzen du.

Egunean zehar, garunaren aktibazioa altua denean, uhinek frekuentzia altua eta anplitude baxua erakusten dute. Bestalde, lo gaudenean bi patroi ezberdin segitzen dituzte uhinek fasearen arabera. Hasiera batean uhin lentodun loa da nagusi eta uhinen frekuentzia gutxika jeisten da anplitudea handituz eta inaktibitatea azaleratuz. Jarraian lo paradoxikoa edo REM (Rapid Eye Movement) sartzen da eta harrigarria bada ere, esna gaudeneko antzeko patroia agertzen da elektroentzefalograman, beraz garuna aunitz aktiboa da REM fasean. Fase bi hauek (uhin lentodun loa eta lo paradoxikoa edo REM) 90 minutuko zikloetan errepikatzen dira gau guztian zehar eta zeharo ezaugarri ezberdinak dituzte. Adibidez, uhin lentodun loak inguruneko estimuluei erantzuteko gaitasuna eta muskuluen tonua murrizten ditu eta begiak ez dira mugitzen. Aldiz, lo paradoxikoan edo REMen estimuluenganako erreaktibitatea are gehiago jaisten da, begiak abiadura ikaragarrian mugitzen dira eta muskuluen tentsioa osorik galtzen da (REM atonia). Horrela, REM fasean nahiz eta garuna aktibo egon, mugimenduak mugatuta aurkitzen dira. Beraz, amets egitean eta sistemaren funtzionamendua normala izanez gero, ez gara mugitzen lo gauden lekutik.


[Hipokretinaren asaldura bideak]

Uhin eta ezaugarri hauen atzean dagoen neurobiologia (hau da, zein neurotransmisorek, zein neurona motak eta garuneko zein zonaldek kontrolatzen duten fase bakoitza) oso konplexuak dira. Hala ere, azken urteotan esna egotetik eta lo hartzerako funtsezko etengailua aditzera eman da, hipokretinen edo orexinen sistema. Hipokretinak neuronek beraien artean komunikatzeko erabiltzen dituzten proteina txikiak dira eta hauen jarioak esna-aldiak, garunaren aktibitatea eta alerta egoerak mantentzen ditu. Hipokretinak eta beraiei erantzuten dizkieten errezeptoreak (antena kimikoak) 1998. urtean aurkitu ziren eta zientzialariak berehala hasi ziren sistema honen funtzionamendua ulertzeko sagu transgenikoak sortzen, horien artean, hipokretinarik ez zuen sagua. Maiz gertatu ohi den bezala, sagu hau sortu ondoren laborategiko ikerlariak ustekabean ohartu ziren saguaren jokaera ez zela normala. Ondorioz, jokabide bereizgarrietan sakontzen hasi ziren eta ikerketa serioari ekin zioten. Honela, 1999. urtean deskribatu zuten hipokretinarik ez zuen sagua narkoleptikoa zela (hau da, esna-aldietako aktibitate momentuetan bat-batean lo geratzen zela) eta beraz, hipokretinak loaren zikloak erregulatzeko funtsezko elementua zirela.

Oraingoz hauxe izango dugu dena! Loaren zikloez, narkolepsiaz eta hipokretinei buruz gehiago jakiteko gogoarekin geratu bazara, artikulu honen hurrengo atalean sakonduko dugu narkolepsiak zertan datzan eta hipokretinen sistemaren erregulazioak izan ditzaken aplikazioei buruz!

. . . . .
Egilea: Ainhoa Plaza-Zabala
Juan de la Cierva ikertzailea, Achucarro Basque Center for Neuroscience

Artikulu eta blog hauek, #KulturaZientifikoa eta #dazientziat ekimenak bultzatzen lagundu nahi dute.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina