2015/08/06

Seigarren zentzumena

Gizakiak dituen zentzumenak 5 dira: ikusmena, entzumena, usaimena, dastamena eta ukimena. Gure gorputzeko organo bakoitzak inpresio desberdinak jaso eta zerebroari bidaltzen dio informazioa, neuronen bitartez, zerebroak informazio hau irakurri eta erantzuna eman ondoren sentsazioetan transforma dezan. Sentipen hauek dira, azken finean, mundua ezagutzen laguntzen digutenak, soinuak entzunez, gauzak ikusiz, ukituz, usainduz eta dastatuz.


Hala ere intuizio handiko pertsonei seigarren zentzumen bat dutela esan ohi zaie. Hau egia ote da?

Duela urte batzuk, Nature Comunications aldizkarian argitaratutako lan baten arabera, jakin izan genuen gizakiak baduela seigarren zentzumen bat, alegia teknologiaren laguntzarik gabe orientatzeko ahalmena.

Hau ulertzeko animali desberdinei errepara diezaiegun. Monarka tximeletek, hala nola hegazti desberdinek askotan bidai luzeak egin behar izaten dituzte, edozein baldintza meteorologikoetan. Jakina da animalia hauek eremu magnetikoa sentitzeko gai direla eta horri esker primeran orientatzeko gai direla, nahiz eta argirik gabe hegan egin behar duten askotan. Honetarako gai dira beren zerebroan cryptochrome izeneko proteina bat dutelako. Harrigarriena da gizakiok ere gure zerebroan proteina hau badugula, eta ikerlari hauen ustez, gizakia eboluzioaren bidez seigarren zentzumena galduz joan da, seguruenik gaur egungo teknologia eta eremu elektromagnetikoz osatutako munduak seigarren zentzumen hori lokartu digulako. Hala ere teoria hau demostratzeko oraindik lan pila egiteke dago.

Seguraski honako teoria ontzat hartzea ez da lelokeria. Behinik behin, gure arbasoak, gizateriaren hastapenetan, ozeano, basamortu, oihana eta mendiak zeharkatzen zituztela ikusita, eta horretarako euren begiak soilik erabilitzen zituztela… edo agian, euren begiak eta seigarren zentzumen hori?

Erreferentzia bibliografikoa
  • Foley LE, Gegear RJ, Reppert SM (2011) "Human cryptochrome exhibits light dependent magnetosensitivity" Nat Commun 2011 2:356
. . . . .
Egilea: Ane Wyssenbach
Doktoradutza-ondoko ikertzailea (Achucarro eta UPV/EHU)


Artikulu eta blog hauek, #KulturaZientifikoa eta #dazientziat ekimenak bultzatzen dituzte.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina