Batetik tximino orrolaria, aluate deritzona dugu, honek hosto, sustrai, lore eta fruituz elikatzen da. Bestetik tximino armiarma edo atelo, beste honek fruitu helduak bakarrik jaten ditu. Bigarrenaren burmuina lehenengoarena baino bi aldiz handiagoa da. Nola da posible? Elikadurak ba al du honetan zerikusia?
Argi dago denetarik jaten duenak errezago duela elikagaiak aurkitzea. Fruitu helduak bakarrik nahi dituenak aldiz, jokabide-eredu desberdinak landu beharko ditu, fruituak ez bait daude eskuragarri noiznahi ezta nonahi ere. Gainera beste animaliekin konpetitu beharko du fruitu hoiengatik, beraz jokamolde konplexuagoa izango du eta ondorioz zerebro garatuagoa eta handiagoa.
Aldi berean, zerebro garatuagoak energia gehiago behar du ondo funtzionatzeko eta beste organoen kontura egingo du. Jakina da bihotza, gibela eta giltzurrunek gutxi gora behera tamaina mugatua izaten dutela, eta beste organoen tamaina (urdaila, hesteak eta burmuinarena esaterako) aldakorragoa dela.
Beraz, logika badu pentsatzeak hostoak eta sustraiak karbohidrato konplexuz osatuta daudenez, hauek jaten dituzten animaliek elikadura-sistema konplexuagoa izango dutela. Aldiz, fruituak soilik jaten dituztenak elikadura-sistema sinpleagoa izango dute, zerebroaren garapena ahalbidetuz.
Animalien artean gizakiaren zerebroa handiena da eta energia asko behar du ondo funtzionatzeko. Konkretuki, gorputzeko masa osoaren %2 bakarrik izanda energia osoaren %25a kontsumitzen du, beraz gizakiaren elikadura kalitate handikoa izan behar du energia eskaerak asetzeko.
Eboluzioan zehar gizakia bere elikadura eraldatzen joan da, ehizaren bidez lehengo, gero abeltzaintzaren bidez, eta era berean bere digestio aparatua sofistikatzen joan da. Gainera janaria kozinatzeak, mantenugai guztiak hobeto aprobetxatzea ekarri du. Hildo honetatik Harvard eta Yaleko unibertsitateek txinpanzeekin egindako esperimentuen arabera, txinpanzeek janaria kozinatuta gordina baino nahiago dutela ikusi dute. Gainera gai dira bi janari motak desberdintzeko, hala nola janari gordina arriskatzeko haragi sukaldatua jatearen truke.
Oso oso aintzinetik beraz, lehenengo gizakiak suaren erabilerari esker euren dieta hobetuz joan ziren, elikagaietatik jasotako energia opztimizatuz, eta zerebroaren eboluzioa bultzatuz.
Erreferentzia bibliografikoa
- Warneken F and Rosati AG (20015) "Cognitive capacities for cooking in chimpanzees". Proc Biol Sci 282 (1809)
. . . . .
Egilea: Ane Wyssenbach
Doktoradutza-ondoko ikertzailea (Achucarro eta UPV/EHU)
Artikulu eta blog hauek, #KulturaZientifikoa eta #dazientziat ekimenak bultzatzen dituzte.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina