Aurreko batetan aritu ginen epilepsiari buruz blog honetan. Gaurkoan, gaixotasun honen ezagutzarako, eta etorkizunean arindu edo sendatzeko aurrerapauso baten berri ematera gatoz.
Blog honetan noizbait jada komentatu dugu hipokanpoa garuneko egitura nagusietako bat dela, eta bertako ama-zelula neuralak, neurona berriak sortzeaz arduratzen direla, ugaztunen helduaroan, gizakiak ere, noski, barne hartuta. Garunaren gaixotasunak askotan ez dira beste animalietan ematen, baino epilepsiaren kasuan, txakur eta katuetan ere ikusi eta ikertu izan da.
Gaur hizpide daukagun ikerketa berri honetan, sagu transgenikoekin garatu da. Ikerkuntza animalia hauek epilepsia-eredu (epilepsiaren edota antzeko asaldurak eragin) bat daukate, eta garatutako saiakuntzekin frogatu da, beren hipokanpoko ama-zelula neuralek, neurona berriak sortzeari utzi eta astrozito erreaktiboak bihurtzen direla. Astrozito erreaktibo hauek, hantura sustatu eta neuronen arteko komunikazioa aldarazten dute, garunaren egitura eta funtzionamendua txarrerako aldatuz.
Lan hau esperimentazioko animaliekin egin bada ere, aurkikuntza honek begi-bistako ondorioak ditu praktika klinikoan eta epilepsiaren aurkako terapia berrien bilaketan, izan ere, neurona berrien sorkuntza (neurogenesia) hipokanpoan errotutako epilepsiek negatiboki eragiten dioten prozesua baita.
Gainera, Euskal Herrian garatu eta hemendik zuzendu den lana da, Achucarro zentroa eta Euskal Herriko Unibertsitateko Amanda Sierra eta Juan Manuel Encinas ikertzaileek izan dira egile nagusiak, nazioarteko eta jakintza-alor arteko talde bat koordinatuz.
Juan Manuel Encinas, laneko zuzendariak adierazi duenez: “Gizakiengan ama-zelula neuralen populazioa mantendu eta neurona berriak sortzeko duten gaitasuna babestea lortzen baldin badugu, beharbada epilepsiari atxikitako zenbait sintomaren garapena prebenitu ahal izango litzateke, hipokanpoan gertatu ohi den kaltea arinduz”.
Erreferentzia bibliografikoa
“Neuronal Hyperactivity Accelerates Depletion of Neural Stem Cells and Impairs Hippocampal Neurogenesis” Amanda Sierra, Soraya Martín-Suárez, Roberto Valcárcel-Martín, Jesús Pascual-Brazo, Sarah-Ann Aelvoet, Oihane Abiega, Juan José Deudero, Amy L. Brewster, Irantzu Bernales,3 Anne E. Anderson, Veerle Baekelandt, Mirjana Maletić-Savatić and Juan M. Encinas.
Cell Stem Cell 16, 1–16, May 7, 2015.
. . . . .
Egilea: Achucarro Outreach Manager
Artikulu eta blog hauek, #KulturaZientifikoa eta #dazientziat ekimenak bultzatzen dituzte.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina