2014/08/13

Iktusa

Lauren Bacall (1924-2014, ia 90 urte) hil berri da letra hauek idazten ditugun momentuan, akzidente batek jota, konkretuki, bere zerebro barruan eta bere adinaren ondorioz jazotako gertaera batengatik, bat jasan du, eta joan da.

 
Iktusa, apoplexia, buruko isuria, iskemia zerebrala, garuneko hodietako istripua edota garuneko infartua. Izen ezberdin guzti horiekin ezagutzen ditugu zerebroan edo zerebroari gertatzen zaion asaldura mota eta multzo bateri, alegia, garuneko odol fluxuaren bat-bateko murrizketa garrantzitsu batek (horri iktus iskemikoa deritzo) eragindako edota garuneko hodietan izandako haustura batek eragindako (iktus hemorragikoa) gaixotasun neurologikoa.

Iktusaren eragina, pertsonaren adinarekin erlazio zuzena da. Ume txikiek jasan dezakete, eta beren ondorengo garapenean ia ondoriorik ez nabaritu. Zahartzaroan ematen bada, Bacallen kasuan bezala, heriotza eragin dezake. Izan ere, heriotza eragiten duten gaixotasun artean, iktusa hirugarrena da mendebaldean, eta lehendabiziko emakumezkoen kasuan. Eta halaber, elbarritasunerako lehendabiziko arrazoia eta defizit neurologikoaren arrazoi nagusietariko bat pertsona heldu eta nagusien artean.

Odolaren etetea zerebroan eragiten duen hondatze horren zati garrantzitsu bat glutamato (neurotransmisore bat) mailaren aldakuntzaren ondoriozkoa da; neurotransmisore eszitagarri hori garuneko ugariena da eta, aldi berean, neurotoxina indartsu modura jarduten du, haren kontzentrazioa handitzen denean. Iskemian honela gertatzen da.

Orain dela egun gutxi batzuk, Achucarro zentroko ikertzaile talde iktusaren inguruko ikerkuntza proiektu zabal baten ondorioak argitaratu dira, eta lan horren emaitzarik oparoena, iktusa ekiditen saiatzeko diana terapeutiko berri baten aurkikuntza da.

Lan honetan aurkitu da zein den elkartrukatzaile zistna-glutamikoak (xCT) molekulak duen erabateko garrantzia glutamatoren kontzentrazioaren hazkundean, harik eta iktusaren ezaugarri nagusiak erreproduzitzen dituzten eredu esperimentaletan maila toxikoetara iritsi arte. Lan esperimental honek agerian jartzen du iskemian glutamatoa zelulatik kanpora garraiatua dela xCT elkartrukatzailearen bitartez, neuronentzat hilgarriak diren mailetaraino pilatuz.

Lana esperimentazio animaliekin burutu da, eta orain erronka, ondorio hauek gizakietara eraman eta frogatzean datza.

Bereziki aipagarria da ikerkuntza lan hau, Euskal Herriko ikertzaile eta ikerketa zentroen artean soilik egin dela, batetik Achucarro Basque Center for Neuroscience eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Maria Domercq ikertzaileak zuzendutako talde-lana, eta bestetik CIC biomaGUNEko lankidetzari esker, garun irudi funtzionaleko tekniken bitartez (PETen gisakoak, ingelesez Positron Emission Tomography) ikusi dute xCTko mailak altuak direla iskemia duten saguengan.

Bizkaia eta Gipuzkoa artean burutu den lana beraz. Science made in the Basque Country.

Erreferentzia bibliografikoa
  • “Extrasynaptic glutamate release through cystine/glutamate antiporter contributes to ischemic damage” Federico N. Soria, Alberto Pérez-Samartín, Abraham Martin, Kiran Babu Gona, Jordi Llop, Boguslaw Szczupak, Juan Carlos Chara, Carlos Matute, María Domercq. Journal of Clinical Investigation, July 2014 doi:10.1172/JCI71886

. . . . .
Egilea: Achucarro Outreach Manager


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina