2014/09/19

Alzheimerraren Nazioarteko Eguna 2014

Alzheimerra neuro-endekapen gaixotasun bat da, zeinean neuronak hil egiten diren eta zerebroak funtzionatzeari uzten dion. Oso gaitz gogorra da eta pairatzen duenak hasieran memoria eta kapazitate kognitiboak galtzen ditu, ondoren hizkera eta mugimendua galtzeko. Ahaztearen gaixotasuna da.



Gaixoak dena ahaztu egiten du, denboran atzera egingo balu bezela, ume txiki bat izatera bueltatuz. Bere bizitzan ikasitako guztia desikastera behartzen du gaixotasunak. Nola ibili, nola hitzegin, nola jan, nola arnas hartu… Dena ahaztu egiten dute, maitasuna izan ezik. Aurrean daukaten pertsonaren izena gogoratzen ez badute ere beraien maitasuna sentitzeko gai dira, eta erantzuteko gai ere bai.

Alzheimerrean zaindariaren papera funtsezkoa da, gaitz honek ez bait du gaixoa bakarrik ukitzen. Bere inguruan daudenentzat oso gogorra da. Pertsona bat joan egin dena onartzea, oraindik aurrean duzunean oso zaila da. Guztiz antinaturala. Gaixoek egunero laguntza gehiago behar izaten dute, eta ingurukoen bizimodua guztiz hankaz gora jartzen da. Beraiekin eta beraientzat bizi behar dute.

Igande honetan, Irailak 21ean, aurtengo Alzheimerraren Nazioarteko Eguna ospatuko da, gaixotasuna ezagutzera ematea helburu duena. Askorentzat nazioarteko beste egun bat besterik ez da izango, baina guretzat, jotake gaixotasuna ikertzen jarraitzeko motibazioa izango da.

Urtero Alzheimerra duten 7 miloi kasu berri diagnostikatzen dira munduan, 7 miloi pertsona gehi beraien familiak. Alzheimerrak ez du sendabiderik gaur egun eta honek aldatu egin behar du. Gure eginkizuna da.

Aititeri

. . . . .
Egilea: Ane Wyssenbach
Achucarroko zentroko Neurobiologia Laborategiko doktoradutza ikaslea

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina