2014/06/03

Zelula Amen ahalmen terapeutikoa

2014ko ekainak 4ean, arratsaldeko sei t'erditan, Achucarro zentroak hitzaldi bat antolatzen du Bilbon, Isabel Fariñas, neurozientzialari ezagunaren eskutik. Fariñas irakaslea zelula amek zerebroa sendatzeko izan dezaketen ahalmenari buruz arituko da, eta hori dela eta, zelula amen inguruko artikulu bat ekarri nahi izan dugu.



Gure gorputzetan zelula berriak sortzen dira etengabe. Azala, odola, gibela, eta orohar organo guztiak etengabe berritzen dira, gu konturatu ez arren. Baita zerebroan ere, nahiz eta oraintsu arte, organo honetan holakorik gertatzen ez zela pentsatu.

Baino, nola sortzen ote dira zelula berriak? Zelula berri bat beste zelula batengatik sortzen da beti, zelula ama batengandik hain zuzen ere. Arraultza eta oiloaren kontua dirudienez, azalpentxo bat ematen saiatuko gara.

Zelula Amak beste edozein motatako zelulak ekoiztu ditzaketen zelula batzuk direla seguraski badakizu, baino mota desberdinekoak daudela eta ahalmen desberdinak dituztela agian ez.

Zelula Amak era hierarkiko batean antolatzen dira. Maila gorenean zelula totipotenteak ditugu, organismo oso bat eratzeko ahalmena dutenak, adibidez obulua eta espermatozoidea elkartzerakoan sortzen den zigotoa. Zigotoa zelula bat da, zatitzen hasiko dena eta kapazitate totipotentea galduz joango dena, zelula berriak eta espezializatuagoak sortzen diren heinean. Blastozistoa eratzean, hau da, zigotoa garatuz sortzen den egitura, zelula pluripotenteak topatzen ditugu bere barnean, eta zelula hauek mota guztietako zelulak eratzeko gai izango dira, baina ez organismo oso bat. Zelula hoiek garatuz eta espezializatuz joango dira zelula multipotenteak sortuz, hau da, mota edo sistema definitu bateko zelula desberdinak sortuko dituztenak, muskulo sistema esaterako. Eta azkenik zelula unipotenteak sortuko dira, zelula mota bakarra emateko gai direnak.

Zelula amen erabilera terapeutikoa sekulako aurrerapena izan zen biomedikuntza munduan, izan ere pertsona baten zeluletatik, zelula edo organoak sortzeak errefusatze arazoak gainditzen laguntzen bait zuen. Baina honek eztabaida etiko izugarria piztu zuen zelula pluripotenteak lortzeko enbrioi zelulak behar zirelako.

Hala ere, 90. hamarkadan sekulako zelula amen arloa hankaz gora utzi zuen aurrerapena lortu zen, duela urte pare bat, Nobel saria merezi izan zuena, hain zuzen ere induzitutako Zelula Amak (ingelesezko akronimoa "iPSC" dute, hau da "induced Pluripotent Stem Cells"). Ingenieritza genetikoa erabiliz zelula helduak, hau da, definituak daudenak, birprogramatzeko teknika bat garatu dute, modu honetan zelula hori pluripotente bihurtuz.

Badirudi oraingoz gaixotasun ereduak, soilik in vitro ikasteko balio dutela batez ere, baina poliki-poliki bada ere, gizakiarengan modu terapeutikoan erabiltzeko aurrerapauso asko ematen ari dira.

. . . . .
Egilea: Ane Wyssenbach
Achucarroko zentroko Neurobiologia Laborategiko doktoradutza ikaslea



Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina