2014/05/12

Buru osasuna eta zerebroaren gaixotasun batzuk sehaskatik ekidin daitezke

Krisialdi larria bizitzen ari gara azken urteotan, non ume eta heldu asko, behar besteko eguneroko janaria ahora eramateko arazo larriak dituzten, eta horrek, etorkizuneko gizartearen ongi-izatean eragin handia izango du.
 
Jakin badakigu, eta ez bazenekien, hemen kontatuko dizugu, gaur egungo krisi honen ondorioak oso denbora luzean jasango ditugula, gaur egun ere, iraganeko beste krisi eta gertaeren lekuko garen bezala.

Neurozientzia da gure arloa, eta beraz, honekin erlazionatutako zeozer plazaratuko dugu: pobrezian eta eguneroko bazkari minimorik gabe bizi diren umeak, etorkizunean zerebroko gaixotasun (atzerapenak, neuro-endekapen eta autoinmune gaixotasunak…) gehiago eta larriagoak jasango dituzte.

Jakin bagenekien gizakiok beste animaliekin alderatuta haurtzaro luzeak genituela, besteak beste, zerebroak bere garapen osoa osatu dezan, edo beste era batera begiratuta, historian zehar, haurtzaro luzeak gozatzeko ahalmena “irabazi” dugu, gainontzeko bizidunekin alderatuta izan dugun bilakaera dela medio. Oraintsu argitaratu den ikerketa batetan frogatu denez, haurtzaroko lehenengo bi urteak kritikoak dira hizkuntza eta memoriaren garapenerako, eta beraz aro honetan egoera sozio-ekonomiko lazgarrian hasten diren haurrak, epe erdi eta luzerako ondorioak jasaten dituzte, barne-barnean ere.

Kontua nahiko zentzuzkoa da, baino epe erdi eta luzeko ikerketa zehatzak behar ziren hipotesia frogatzeko. Zerebroko kopeta-aldea, non besteak beste, Brocaren area (hizkuntzaren sorrera eta kudeaketarekin erlazioa daukana) kokatuta dagoen, garatuago aurkitu dute egoera sozio-ekonomiko erdi-altuan hasitako umeetan, eta baita hipokanpoan (memoriarekin erlazionatzen dena) ere.

Geroko pertsonaren garapenean, noski, hainbat ingurumen alde parte hartzen dute, egoera sozio-ekonomikoaz aparte, batik bat hezkuntza gurasoen hezkuntza maila (nolabait ere ekonomiarekin erlazioa izan dezakeena), bizilekua, ... baino gutxieneko elikadurarena, oinarrizkoetan oinarriko da.

Beraz, gaur egun etengabe ikusi eta entzuten ari garen elikagaien bankuen ekimenak, zein beste hainbat esparrutatik datozen antzekoak, ezinbestekoak dira, gure gizartearen etorkizuneko osasun eta adimenerako.

Erreferentzia bibliografikoa
  • Brito, N.H., Engelhardt, L.E., Mack, L., Nail, E.J., Barr, R., Fifer, W.P., Elliott, A.J., and Noble, K.G. “Socioeconomic Status is Associated with Language and Memory Development in the First Two Years” International Society for Infant Studies, 2014.

. . . . .
Egilea: Achucarro Outreach Manager


Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina