2014/01/21

"Zerebroa ikertzeak norbere burua ezagutzen eta gaixotzean sendatzen laguntzen du"

Neurozientzien alorrean egiten den ikerketak sekulako garrantzia duela uste du, are gehiago populazio gero eta zaharragoa duten Mendebaldeko gizarteetan. Gaixotasun neurologikoak sendatzeko tratamenduak aurkitzea da euren azken helburua, baina erronkaren tamaina handia da, besteak beste, zerebroa bera ezagutzea ez delako lan makala. Itxaropenik ez du galtzen, ordea, eta urte gutxiren buruan Achucarro zentroa neurozientziaren alorrean mundu mailako erreferentzia izatea eta bertan sortzen den jakintzarekin euskaldunen nahiz munduko beste tokietako biztanleen bizi kalitatea hobetzea helburu hartuta hasi da lanean.

Carlos Matute mikroskopioan


Nola azaldu jendeari gisa honetako zentro baten sorrera eta bere premia?
Neurozientziek ikerketa alor gisa zerebroarekin zerikusia duen guztia hartzen dute; gaixorik dagoen zerebroa eta eritasunik ez duena. Gaixotasun hauek orokorrean kronikoak dira, zenbait kasutan jendea gaztea denean abiatu eta hamarkadetan luzatzen dira. Beraz, ikuspuntu biomedikotik garrantzi sozial handia duten gaixotasunak dira. Gainera, gero eta indar gehiago dute eta ez dira oraindik orain ondo ezagutzen. Kasurik hoberenean tratamendu aringarriak baino ez daude eta ez gaixotasunak sendatzekoak. Horregatik guztiagatik gizarte alorretik begiratuta garrantzi handia duen ikerketa lerroa da neurozientziena, are gehiago Mendebaldeko gizartean, gero eta zaharragoa den gizarte honetan. Populazioaren bizi esperantza handitu egin da eta zerebroari eragiten dioten gaixotasun askotan arrisku faktore nagusia adina da. Lehen ez zegoen orain adina Alzheimer kasurik, besteak beste, bizi esperantza baxuagoa zelako eta gaixotasun hau nabarmenago azaleratzen delako 60 urtetik aurrera. Ikuspuntu profesionaletik ere gisa honetako zentro baten sorrera garrantzitsua da; izan ere, EHUren baitan alor honetan lan egiten duten ikerlariekin osatutako masa kritiko handia zegoen eta azken urteetan, gainera, atzerriko taldeak bertaratu dira. Finean bi arrazoi horiek, neurozientziak duen garrantzi sozial eta profesionalak bultzatu gintuzten orain lau urte zentroaren proiektua aurkeztera.

Neurozientziaren esparrua zabala da, zein da zehazki zuen ikerketa lerro nagusia?
Gaixotasunik ez duten zerebroetan nerbio sistemako zelulek nola funtzionatzen duten eta elkarren artean nola komunikatzen diren aztertzen dugu; bai eta zer eraldatzen den zelula horiek ondo funtzionatzeari uzten diotenean ere. Beraz, ikerketa lerro desberdinak daude. Esate baterako, Alzheimer gaixotasunaren edota esklerosi anizkoitzaren oinarri patofisiologikoak aztertzea. Oinarrizko ikerketa ari gara egiten, baina, ere berean, lortzen dugun jakintza hori medikamenduen garapenean aplikatu nahi dugu. Hori da gure helburu nagusia eta taldean lan eginda Achucarro neurozientziaren alorrean mundu mailako erreferentzia izatea bilatuko dugu, hemen sortzen den jakintzak balio dezan euskaldunen bizi kalitatea zein munduko gainontzeko biztanle guztiena hobetzeko.


Egungo tratamendu gehienak aringarriak direla aipatu duzu. Sendatzeko tratamenduak lortzetik urrun gaude?
Gure leloa “ezagutu sendatzeko” da, hain zuzen ere. Arintzea nolabait erdi bidean geratzen da, gaixotasuna sendatzen ez bada ere, haren sintomak murriztea eta bizi kalitatea handitzea delako bere funtsa. Helburua, ordea, gaixotasuna sendatzeko medikamentuak bilatzea da. Kontuan izan behar da, hala ere, erronka itzela dela, esaterako, Alzheimer gaixotasuna sendatzea. Horretarako hobeto ulertu behar dugu gaixorik dagoen pertsonari zer gertatzen zaion. Zerebroaren inguruan gauza asko ezagutzen ditugu jada, baina oraindik ez zenbait gaixotasun eraginkortasunez tratatzeko soluzioak izateko adina.

Carlos Matute bere laborategian

Aurrera begirako bidea marrazteko adina aurreratu da bederen...
Naturan dagoen organorik konplexuena ari gara aztertzen. Organo honen gaixotasunak aztertzearen konplexutasuna, hain zuzen, zerebroa ulertzeko ditugun zailtasunetik eratortzen da batez ere. Giltzurruna edota gibela bezalako organoak aztertzen dituzten ikerlariek ere zailtasunak dituzte tratamendu egokiak aurkitzeko, baina, oro har, esan daiteke organo sinpleagoak direla. Nerbio sistema zentraleko gaixotasunak sendatzeaz hitz egiten dugunean kontu handia izan behar da. Hala ere, atzera begiratuz gero, esklerosi anizkoitza edota Alzheimerra bezalako gaixotasunekin asko aurreratu dugula ikusten dugu. Oraindik ere asko ezagutzeke dugula esatea kontuarekin ibiltzeko modu bat da; izan ere, arazo hauek ezinegon handia sortzen dute. Azaldu behar da arazo konplexuak direla, horiek konpontzeko lanean ari garela, egun tratamendu hobeak daudela, baina maiz ezin dela askorik egin. Gezurrezko itxaropenak sortzea ez da batere komenigarria.

Gezurrezko itxaropenik sortu gabe, zer ikertzen ari zarete une honetan bereziki?
Zentroak garrantzia handia ematen dio neuronen, zerebroan dauden zelula nagusien eta “glia” izena duten beste zelula batzuen arteko harremanari. Orain gutxi arte uste zen glia hauek auxiliarrak zirela; gaur badakigu ordea, nerbio informazioaren prozesamenduan parte hartzen dutela uste zena baino modu zuzenagoan eta garrantzia dutela, halaber, lehen aipatutako gaixotasun neurologikoetan. Arlo horretan ari gara lanean batez ere zentroan. Ikerketa lerro berria da, baina uste dugu garrantzi handia duela zentzu guztietan, bai jakintza arloan, zerebroa ulertzen lagunduko digulako, bai arlo aplikagarrian, garapen farmakologikoari begira.
 
Oro har, mundu mailan ikerketa lerro oso aktiboa da neurozientziena, ezta hala?
Zalantzarik gabe. Ideia bat egiteko, munduan egiten den kongresurik handiena softwarearen ingurukoa da, eta, ondoren, neurozientziarena dago. Urtero Neurozientziaren Sozietate Amerikarrak antolatzen duen kongresuan 40.000 eta 50.000 pertsona artean elkartzen gara. Horiek guztiak ez dira futbol partida bat ikustera joaten, neurozientzialariak dira guztiak. Ameriketako Estatu Batuetan egiten da kongresua, bertan aktibitate zientifikoa munduko beste tokietan baino handiagoa delako, batez ere neurozientziaren alorrean. Nerbio sistema zentrala aztertzen duten laborategi eta ikerketa zentro asko daude eta horrek agerian uzten du zerebroa ezagutzeko dagoen interesa. Zerebroa ezagutzea norbere ezagutzearen parekoa da; kutsu filosofiko hori ere badu.

Izan ere, enigma kutsu hori ere badu zerebroak.
Egia da. Zalantzarik gabe gu ezagutzeko modua da. Ez da pentsatu behar, ordea, orduan eta gehiago ezagutu gure burua, are hobeto jakingo dugula norbanako mailan egokiago portatzen edota egoera bakoitzean eraginkorragoak izaten. Noski, ezagutza horrek pertsona gisa hobetuko gaitu, sakonago jakingo dugulako zer garen ikuspuntu biologikotik, jarrera aldetik, edota ikuspuntu emozionaletik, besteak beste. Hori laguntza handikoa da psikearen oreka hauskor hori apurtzen denean, oreka hori berriz ere egokitzeko. Zentzu horretan garrantzitsua da eta ez gaitu beldurtu behar. Badira pertsonak zerebroaren katramilak ezagutzeko beldur direnak, gauza ilun bat balitz bezala. Nire ustez, alderantziz da, gero eta argi gehiago organo honen inguruan, are hobeto izango da bai osasuntsu daudenentzat bai gaixo gaudenentzat; eta, noski, baita ekonomiarentzat, kirolarentzat... Horrenbesteko garrantzia du zerebroak!

Pasa den mendea fisikaren mendea izan zela esan izan da, eta, mende hau, berriz, biologiarena. Zientzia berriz ere pertsonengana gerturatu da?
Nik uste dut zientzia ez dela pertsonengatik urrundu, besteak beste, zientzia pertsonek egiten dutelako. Egia da aurreko mendean garapen teknologiko eta ekonomiko handia ezagutu dugula fisikan edo kimikan oinarritutako aurkikuntzei esker. Zentzu horretan, egon diren aurrerapen teknikoek aukera eman dute bizirik dagoen organismo bati, eta, batez ere, zerebroari, askoz ere modu pribilegiatuagoan begiratzeko gaur egun. Oso sofistikatuak diren ekipamenduak ditugu orain eta horiek ahalbideratzen dute prozesu biologiko konplexuak denbora errealean aztertu ahal izatea. Zentzu horretan esan daiteke bizitzea tokatu zaigun garai hau badela biologiaren garaia, eta, zenbaitentzat, zehazki, zerebroaren ikerketaren garaia. Ni ez naiz, hala ere, izendapen generiko horien oso aldekoa.

Carlos Matute, Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroko Zientzia Zuzendaria

Zientziaren eta ikerketaren garrantzia nabarmendu duzu behin eta berriz. Politikariek ere bere garrantzia ezagutzen dute, baina nabarmentzen al da hori nahi beste aurrekontuak egiten diren momentuan?
Agian ez. Hori gertatzea azpigarapen zeinu bat da. Estaturik garatuenek, ikuspuntu ekonomikotik behinik behin, badakite zientzian inbertitzea balorea eta etekina lortzeko bidea dela. Hasieran inbertsio horren etekina ez da ukigarria, baina urteak pasa ahala bai. Badira kasu ezagunak krisian murgildutakoan zientzian inbertitzen ahalegin handia egin zutenak, Finlandia kasu. Hari esker irten ziren krisitik indartuta. Zientzian inbertitzea, izan ere, etorkizuneko oinarriak jartzea da, hezkuntzan inbertitzea bezalaxe. Hezkuntza herrialde batek izan dezakeen gauzarik garrantzitsuenetako bat da, pertsonen bizitza bera aldatzeko gai baita. Hezkuntzarako sarbidea duen pertsona bat beste pertsona bat da.

Aipatutako ukigarritasun ez hori al da zientzian egiten den inbertsioa aurrekontuetan bigarren mailan uztearen arrazoia?
Nire ustez, gure testuinguru geopolitikoan arrazoi oso desberdinak daude hori azaltzeko. Batetik, errazena delako. Ikerlarien sektorea gutxiengo bat da, eta, beraz, hartzen diren erabakien aurkako protestak ez dute son handirik lortzen. Gainera, esan beharra dago ikerlariak sakabanatuta aritzen direla eta ez direla oso aktiboak protesta egiteko edota kalera irteteko garaian. Beste alde batetik, inbertsio murrizketen atzean gure testuinguru geopolitikoan zientzia sistemak duen hauskortasuna da. Oro har, zientzia sistema ahula da, indartzen ari den sektore bat delako. Behin hori guztia esanda, justua litzateke nabarmentzea zorionez Euskadin azken hogeita hamar urteetan izandako administrazio desberdinek mentalitate garatuagoa izan dutela zientziari dagokionean, besteak beste, zientzia sistema bera Estatuko beste toki batzuetan baino helduago zegoelako. Gaur egun, beraz, beste toki batzuetan baino egoera hobeagoan gaude, nahiz eta gu ere inguruan gertatzen den guztiaren baitan egon.

Enpresa pribatuek zuen ikerketaren etekinak jasotzen dituzte zeharka bada ere. Inbertitu, aldiz, egiten al dute?
Sektore pribatuak zientzia bultzatzea osasuntsua da. Noski, berea askoz ere zientzia orientatuagoa eta aplikatuagoa da, baina zientzia azken finean. Eurek egiten duten ikerketa bideratuagoa dago, baina arduratzen dira, halaber, eurek egiten duten ezagutzaren iturria elikatzen. Zer gertatzen da gure testuinguru soziopolitiko eta ekonomikoan? Sektore pribatuak ere ahultasun zantzuak dituela ikerketa, berrikuntza eta garapen sisteman. Azken batean, hau segida bat da: sektore publikoa ez badago oro har edota ezagutza arlo zehatz batean garatuta, sektore pribatua ere ez da egongo. Niretzat osasuntsua da sektore pribatuak, modu gidatuan bada ere, zientzia egitea, sektore publikoarentzat ere osasuntsua izango delako. AEBetan, esate baterako, ikerketa egiten duen sektore pribatu oso indartsua daukate, baina sektore publikoak ezagutzaz elikatzen du eta harreman interesgarriak sortzen dira, bai maila intelektualean bai maila ekonomikoan.
 
Eta sektore pribatuak oinarrizko zientzia diruz laguntzen al du?
Egun existitzen dira harreman horiek. Sektore pribatuak bilatzen zaitu bere garapenen gaineko zenbait arlo ezagutu nahi dituelako. Oso interesgarriak diren harremanak sortzen dira, baliabideak sortzen dituztelako bi norabideetan. Zientzia globalagoa den neurrian, bai zentzu geografikoan bai diziplina arteko harremanean, sektore pribatuarekin egiten diren kontaktuak modu naturalean sortzen dira. Agian ez da beste leku batzuetan bezain handia elkarlana, baina argi dago hori dela joera, baita arlo biomedikoan ere.

Ikerlariei helduta, bertako nahiz atzerriko 50 lagun dituzue jada lanean. Esana duzu ikertzaileak bilatzeko unean erreferentzia mundua dela. Hemen hezitako profesionalak bertan izateari zer-nolako garrantzia ematen diozue?
Ikerbasquek lerro garrantzitsua jarri du abian bertakoak diren ikerlariak atzerrian egonaldia egin eta gero berriz ere erakartzeko. Munduan zehar goi mailako ikerketa egiten ari diren euskaldunak asko dira eta etxera itzul daitezen oinarrizkoa da aukera profesionalak eskaintzea. Guk gure laborategietan doktoreak formatzen ditugu eta haiei Europara edota AEBetara joan daitezen gomendatzen diegu euren formakuntzarekin jarraitzeko. Urte askotan gertatu da behin atzerrian ikasita ez genuela tresnarik berriz ere hona erakartzeko, edota zeudenak hain zirela lehiakorrak ez zirela praktikoak. Horregatik ikerlari azkarrenak eta zorte handia zutenak soilik lortzen zuten itzultzea. Gisa bereko zentroen sorrerak eta Ikerbasquek egiten duen ahaleginak erraztu egiten du ikerlari euskaldunak berriz itzul daitezen. Kanpoan ikasten jarraitu dute, oso jende prestatua da eta aukera dute eman zaien ezagutza herriari itzultzeko eta hau garatzen laguntzeko.
. . . . .
Honako elkarrizketa, Gaur8 aldizkariran agertu zen 2012ko azaroaren 16an, eta bere interes eta gaurkotasunagitik, berriro ere plataforma honetara ekartzen dugu.
Elkarriztatzailea: Maider Eizmendi

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina