2014/01/28

Kaferik nahi?

Nature Neuroscience zientzia aldizkarian argitaratu berri den lan baten arabera, badirudi kafeinak memoria hobetzen laguntzen digula. Kafea gustoko eta hartzen dugunontzat oso argumentu interesgarria, ezta?



Mundu osoan zehar kontsumitzen diren sustantzia psikoaktiboen artean kafeina da gehien kontsumitzen dena. Sustantzia hau landare batzuetan aurki daiteke, esaterako kafearen fruituetan, tearen hostoetan, mate izeneko belarrean, guaranaren fruituetan, etab. Landareetan betetzen duen funtzioa guztiz argi ez badago ere, badirudi pestizida moduan lan egiten duela intsektuak akabatuz eta gertu dauden landareen ernetzea geldiaraziz.

Batez ere kafearen bidez hartzen dugu kafeina, baina ez bakarrik kafeak, edari freskagarri batzuek ere badute kafeina. Kafea edan ondoren kafeina odolean sartu eta azkar iristen da zerebrora. Bertan aldaketa asko eragiten ditu, adenosina izeneko errezeptoreekin elkartzean. Besteak beste, bihotzeko taupada erritmoa bizkortzen du, alerta maila piztu eta lo egiteko gogoa kendu. Pentsamenduak ere azkarrago eta argiago prozesatzen laguntzen du, beraz bere neurrian hartuta badirudi onuragarria izan daitekeela kafeina hartzea. Gainera, ez hori bakarrik, kafeak ere baditu beste sustantzia onuragarriak, hala nola bitaminak, mineralak eta antioxidatzaileak.



Hain zuzen ere, ildo honetatik ikerketa desberdinak burutzen ari dira eta badirudi ohiko kafe kontsumitzaileek arrisku gutxiago dutela neuro-endekapen-gaixotasunak izateko, kafeak dituen antioxidatzaileei esker. Ez hori bakarrik, badirudi gibeleko gaixotasunak izateko probabilitatea txikiagotzen duela, baita diabetea eta bihotzeko arazoak izateko probabilitatea ere. Hala ere ez dira dena onurak izango. Kafe gehiegi hartzeak ondorio negatiboak baditu ere, hala nola urduritasuna, lorik ezin egitea edota panikoa bezalako egoerak bizi ditzakegu kafe gehiegi hartu ondoren. Beraz garrantzitsua da kafe kantitatea kontrolatzea.

Neurri batean hartuta, bi edo hiru kikara egunean, badirudi kafea benetan edari onuragarria dela. Egunari aurre egiten lagunduko digu, pentsamenduak errefreskatuz eta luzarora begira baliteke gaixotasun asko sahiesten ere laguntzea. Eta hori bai, azukrerik gabe! Baino hori, beste sarrera baterako ematen digu...

Nolabaiteko garrantzia ere izango luke hartzeko momentua: Nerbio-sistema zentralak gure erritmo biologikoak (loa/esnatzea, elikatzea, etab.) kontrolatzen dituela bagenekien, eta honen barruan kortisola, estresaren hormona deritzo. Ross eta Kawamura ikerketa taldeen emaitzek diote kortisolaren maila egunean zehar aldatzen dela, eta beraz kortisola eta kafeinaren arteko interakzioak bere “fruiturik onenak” eman ditzan, kafea egunaren momentu jakin batzuetan hartzea hobe dela. Ikerketa hauen arabera, goizez, momenturik eraginkorrena, goizeko 9.30tatik 11.30etara doa, eta arratsaldez 17.30etarik, 18.30etara.

Beraz, hartuko al dugu kafetxo bat?Agian... zer ordu da? Ah, eta azukrerik gabe.

Erreferentzia bibliografikoak
  • Borota D, Murray E, Keceli G, Chang A, Watabe JM, Ly M, Toscano JP and Yassa MA. Post-study caffeine administration enhances memory consolidation in humans. Nat Neurosci 2014 Jan 12
  • O'Keefe JH, Bhatti SK, Patil HR, DiNicolantonio JJ, Lucan SC, Lavie CJ. Effects of habitual coffee consumption on cardiometabolic disease, cardiovascular health, and all-cause mortality. J Am Coll Cardiol. 2013 Sep 17
  • Debono M, Ghobadi C, Rostami-Hodjegan A, Huatan H, Campbell MJ, Newell-Price J, Darzy K, Merke DP, Arlt W, & Ross RJ (2009). Modified-release hydrocortisone to provide circadian cortisol profiles. The Journal of clinical endocrinology and metabolism, 94 (5), 1548-54 PMID: 19223520 
  •  Inouye, S.T., and Kawamura, H. (1979). Persistence of circadian rhythmicity in a mammalian hypothalamic “island” containing the suprachiasmatic nucleus Proceedings of the National Academy of Sciences of the United States of America DOI: 10.1073/pnas.76.11.5962
. . . . .
Egilea: Ane Wyssenbach
Achucarroko zentroko Neurobiologia Laborategiko doktoradutza ikaslea

 

Sarrera honek #KulturaZientifikoa 1. Jaialdian parte hartzen du.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina