Dopamina neurotrasmisore mota bat da eta neurotrasmisoreen funtzioa neuronen arteko konexioa sortzea da.
Bi neuronek elkarrekin topo egiten duten lekua sinapsia da, baina topaketa hau ez da fisikoa. Sinapsia osatzen duten bi neurona hauen artean espazio txiki-txiki bat dago, eta bertan lehenengo neuronak (neurona presinaptikoa), korronte elektrikoa iristen zaionean, neurotrasmisoreak askatzen ditu hurrengo neuronak (neurona postsinaptikoa) har ditzan eta beste korronte elektrikoa sortu mezua zabaltzen jarraitzeko, neuronaz neurona zerebro osoan barrena.
Sinapsiaren irudikapena |
Salimpoor eta Zatorrek egindako lanean, teknika ezberdinez baliatuz, musika entzuterakoan, pertsona desberdinen zerebroaren aktibitatea neurtu zuten. Pertsona hauek gustuko zuten abestia entzutean zerebroko eremu batean, estriatuan konkretuki, dopamina askatzen zela ikusi zuten. Jakina da dopaminak, besteak beste, gozamen prozesuetan parte hartzen duela, beraz argi dago musika gustuko dugula dopamina sorrarazten digulako.
Baina musikak ez digu plazerra bakarrik ematen. Emozioak areagotu, antsietatea murriztu, mina lehundu, baikortasuna handitu, komunikaziorako trebetasunak eta kreatibitatea hobetu, eta alaitasuna ere trasmititzen digu. Ezaguna bada, txikitan musika ikasten duten umeek luzarora ikasketetan emaitza hobeagoak izateaz gain alaiagoak eta kreatiboagoak izaten direla beren bizitzan zehar.
Beste esperimentu batzuetan ikusi da, garagardoak ere, adibidez, dopaminaren sorrerakin erlazioa daukala, baino tamalez garagardoak baditu bere kontraindikazioak, eta musikak aldiz, ez.
Musikak, beraz, gure gogo aldartea hobetzeaz gain, trebetasun desberdinak lantzen eta garatzen lagunduko digu. Ba al dago musika baino hobeagoa den ezer?
Erreferentzia bibliografikoa
- Salimpoor, V., Benovoy, M., Larcher, K., Dagher, A., and Zatorre, R.J. "Anatomically Distinct Dopamine Release during Anticipation and Experience of Peak Emotion to Music". Nature Neuroscience 2011 doi: 10.1038/nn.2726
Egilea: Ane Wyssenbach
Achucarroko zentroko Neurobiologia Laborategiko doktoradutza ikaslea
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina