2018/11/29

Oligodendrozito populazioek CB1 hartzailea adierazten duten froga: Eginkizunen bat ote dute mielinaren sorkuntza eta mantenuan?

Mielina nerbio zelulen axoiak estaltzen dituen mintz zelularra da eta ezinbestekoa da nerbio bulkaden garraioa era egokian gerta dadin. Horrez gain, mielinak sostengu metabolikoa ere eskeintzen die axoiei. Nerbio Sistema Zentralean (NSZ), oligodendrozitoak (OLak) dira mielina sortzearen arduradun. OL-ak ugaritzeko gaitasuna duten zelula aintzindarietatik (OPCak) sortzen dira garapenean zehar.



Nahiz eta garapenean baina gutxiago, xagu helduen NSZ-an ere aurki daitezke OPC-ak, banantzeko eta OLetan desberdintzeko gaitasuna dutenak. Mielinaren galera endekapenezko hainbat gaixotasunekin erlazionatuta dago, horien artean Esklerosi Anizkoitzarekin (EA). Gaixotasun honetan ordea kaltetutako mielinaren errekuperazio prozesu bat existitzen da, bermielinizazio prozesu bezala ezagutua eta OPC-ak OL berrietan desberdintzeko gaitasunari esker gertatzen dena.

Sistema endokannabinoidea, besteak beste, NSZan zeregin neuromodulatzailea betetzen duen sistema bat da, garunaren homeostasiaren erregulazioan parte hartzen duena hain zuzen ere, bai garun osasuntsuetan eta bai gaixotutakoetan ere. NSZan, sistema endokannabinoidea osatzen duten protagonista nagusiak honakoak dira: CB1 hartzailea, hau batzeko ahalmena duten 2-arakidonilglizerola (2-AG) eta N -arakidoniletanolamina (anandamida, AEA), eta molekula hauek sortu eta degradatzen dituzten entzimak. Sistema honen eginkizun fisiologikoak eta gaitasun terapeutikoak ezagutzeko ikerketak garrantzi handia hartu du, batiz bat 90.hamarkadaren hasieratik aurrera, orduan karakterizatu bait zen lehen aldiz CB1 hartzailea eta berari egotzi marihuanaren osagarri nagusiaren (Δ9-tetrahidrokannabinola (Δ9-THC) efektuen bitartekari izatea.

Ikerketa prekliniko eta klinikoek argi frogatu dute sistema endokannabinoideak erabilera terapeutikoa duela Esklerosi Anizkoitzaren kasuan. Kannabinoide exogenoek EAren sintomatologia ahultzen dutela eta ehunen kaltea murrizten dutela ikusi da gaixotasunaren animali modeloetan eta horrek, azkenik, EAk eragindako espastizitatea tratatzeko kannabisean oinarritutako farmako baten komertzializazioa ekarri du, Sativex® izenarekin ezagutzen dena. Kasu askotan, kannabinoideek dituzten onurak neuronetan ugari adierazten diren CB1 hartzaileei egozten zaizkie. Hala ere, zelula bakarrean eginiko analisi traskrisptomikoen arabera, nahiz eta maila askoz baxuagoan ,oligodendrozitoek ere adierazten dute CB1 hartzailea. Horrez gain, in vitro eginiko hainbat lanek, CB1 hartzaileek oligodendrozitoen babesean eta hauen desberdintze prozesuan parte hartzen dutela adierazten dute. Hala eta guztiz ere, oraindik ez dago oligodendrozitoek CB1 hartzailea adierazten dutela bermatzen duen ebidentzia sendorik.

Lan honen lehen helburua beraz CB1 hartzailearen distribuzioa ikertzea izan da bai OL nahiz OPC-tan, horretarako bereizmen handiko mikroskopia elektronikoko teknikak erabiliz. Gure emaitzen arabera, OL-en %27 ak eta OPC-en %6 ak CB1 hartzailea adierazten dute beraien mintz zelularrean. Bestalde, mielinizazio prozesua aztertu dugu CB1 hartzailea falta duten xaguetan garapenaren etapa desberdinetan. Emaitzek erakusten dutenaren arabera, CB1 hartzailea falta duten animaliek ezberdintasunak erakusten dituzte OPC dentsitateari dagokionez garapeneko hasierako etapetan. Lortutako emaitzek beraz OL eta OPC-ek CB1 hartzailea adierazten dutela frogatzen dute, eta bestetik, CB1 hartzaile populazio hauek mielinizazio eta bermielinizazio prozesuetan parte hartu dezaketen ideia babesten dute.

. . . . .
Egilea: Andrea Manterola Juaristi
UPV/EHU eta Achucarro Basque Center for Neuroscience

Artikulu eta blog hauek, #KulturaZientifikoa eta #dazientziat ekimenak bultzatzen lagundu nahi dute.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina