2015/10/06

Iktusa hauteman!

Gaur egun, iktusa baliaezintasunaren lehenengo kausa da eta heriotzaren hirugarren kausa. Bat-batean gertatzen den gaitza da eta horri antzematea eta ahalik eta lasterren ospitalera joatea ezinbestekoa da bere ondorio larriak ahal den heinean saihesteko. Iktusa zer den ulertzea eta antzematea funtsezkoa da gizartea gaitz honen inguruan kontzientziatzeko.

http://neurowiki2013.wikidot.com/individual:alzheimers-disease-and-stroke


Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroak antolatzen duen Achucarro Forum zikloaren barnean datorren ostegunean, urriaren 8an, José Castillo Sánchez aditua honen inguruan mintzatuko da Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean. Honen harira artikulutxo hau ekarri nahi izan dugu, gaitz larri honen inguruko informazioarekin treba gaitezen.

Iktusa zerebrora iristen den odol kantitatea murrizten denean gertatzen den bat-bateko istripua da. Bi iktus mota daude: iskemikoa eta hemorragikoa, bi arrazoi desberdinengatik gertatzen direnak. Alde batetik, iktus iskemikoan, odola ez da ondo iristen tronbo edo enbolia batengatik odol fluxua mozten delako, garuneko infartua sortuz. Bestetik, iktus hemorragikoan, odola ez da bere helmugara iristen bidaian “galdu” egiten delako hemorragia baten ondorioz.

Ohikoena iktus iskemikoa bada ere –iktus guztien %85a–, bi kasuetan odola eta mantenugaiak ez dira zeluletara iristen, eta ondorioz, horiek hil egiten dira.

Iktusa sor dezaketen arrisku faktore batzuk ezagunak dira, hala nola hipertentsioa, bihotzeko gaitzak, kolesterol altua, diabetesa, obesitatea, etab. Beraz, iktusa hein batean ekiditeko gure bizimodua aldatzea da gure esku dagoen gauza bakarra. Hala ere, iktusa sufritzeko probabilitatea badago, eta hori bai, behin iktusa jasaten dugunean, ondorio larriak ekiditeko funtsezkoa da iktusari antzematen jakitea eta berehala ospitalera joatea, iktusaren ondorengo denbora funtsezkoa baita zelulen biziraupenerako.

Hortaz, kontuz ibili honako sintomak nabaritzen baditugu: indarra galtzea (bai aurpegian, besoan edota hankan), ikusmenaren galera (osoa edota partziala), hitz egiteko zailtasuna, edota bat-bateko buruko min handia, desoreka edota bertigoa sentitzea.

Denborak gure aurka egingo du hau gertatuz gero, beraz sintomei antzeman bezain pronto ahalik eta azkarren ospitalera joan gaitezen, hori bai gure esku baitago!

. . . . .
Egilea: Ane Wyssenbach
Doktoradutza-ondoko ikertzailea (Achucarro eta UPV/EHU)


Artikulu eta blog hauek, #KulturaZientifikoa eta #dazientziat ekimenak bultzatzen lagundu nahi dute.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina