2014/02/12

Glia-zelulak ere ingurumenari sentikorrak dira

Zuetako askok jada badakizue zerebroa ez dagoela soilik neuronez osatuta, eta bertan, neuronen kopurua (ia 100.000 milioi) 10 edota 50 (oraindik ez dakigu zehatz-mehatz) aldiz gainditzen duten zelula txikiago batzuk baditugula, glia-zelulak deritzonak.


Historian zehar, eta oraintsu arte, pentsatu izan da glia-zelula hauek neuronen arteko betetzaile edota kola bat zirela, eta hortik beren izena glia, grezieraz “γλία”, hau da, hain zuzen pegamendua (badakizue ingelesez “glue” dela pegamenduaren izena). Ondoren ikusi zen neuronen oinarrizko elikatze prozesuan ere parte hartzen zutela.

Gaur egun, eta ikerketarako azken teknologiak erabiliz, eta mundu osoan zehar buru-belarri ari diren hainbat ikerketa taldeei esker badakigu beren funtzioak, askoz konplexuagoak direla, eta beraz ezinbestekoak, ez pegamendu bat besterik.Orain badakigu zerebroaren plastizitatearekin ere erlazio zuzena dutela, besteak beste.

Plastizitatearen adierazpenetako bat da, gure zerebroak ingurumenaren arabera aldatzen direla, bai momentu batetik bestera (aldaketa txikiak noski, baino bai, esan dezakegu zure zerebroa ez dela “berdina” izango artikulu hau irakurri ondoren) eta bai bizitzan zehar. Oraintsu arte pentsatu izan da neuronak bakarrik zirela zerebroaren plastizitatearekin erlazioa zutenak.

Glia-zelula edo neuroglia izenarekin, era berean zenbait zelula ezberdin izendatzen ditugu. Hauetariko bat, oligodendrozitoek adibidez, mielina izeneko gantz-zorro bat sortzen dute. Eta zorro horiek neuronen axoiak inguratu eta elektrikoki babesten dituzte, nerbio-inpultsoen garraioa, abiadura azkar-azkarrean (estimatzen da 50 m/s eta 100m/s artean ematen direla) ematea ahalbideratuz. Batzuk badakizue ere, neuronen arteko komunikazioa, erreakzio edo prozesu elektro-kimikoetan oinarrituta dagoela, beraz, babes hori oso garrantzitsua dela imajina dezakezue, pentsatu bestela elektrizitatea garraiatzeko erabiltzen diren kableetan.



Azkenaldian hainbat lanetan aztertu da nola haurtzaroan jasandako abandonu latza edota bakartasuna, helduaroan kognizio eta giza gutxitasuna sufritzen dutela.

Hau frogatzeko, sagu gazteak zenbait astez isolatuta mantendu dituzte. Denbora hori pasatuta, beren zerebroak aztertu dira, eta ikusi da beren oligodendrozitoak ez direla guztiz ondu, eta honekin, mielina-zorro meheago eta argalagoak topatu dituzte. Honek esan nahi du, oligodendrozitoak ere inguruneari sentikorrak direla, eta beraz zerebro osoan eragina duela kanpo aldean gertatzen eta bizitzen duguna.

Mielina ekoizpen gutxitu hau zerebroko kortex prefrontalan ikusi da, hain zuzen ere, emozioen kontrola eta funtzio kognitibo askorekin erlazionatuta dagoen eremuan. Beheraldia sufritzen duten pertsonetan efektu hau ere ikusi izan da.

Gizakioi askoz gehiago kostatzen zaigu mielina sortzea/garatzea, gainontzeko animaliei baino, ikerketen arabera, eta gure bizitzan zehar ere ontzen joaten da, heldutasunaren hasiera-arte. Beste animali batzuetan aldiz, prozesu hau enbrioi eta gazte-aroan soilik ematen dela dirudi.

Beraz, badirudi garapen luzeago hau, funtzio kognitibo konplexuen garapenarekin ere lotura dagoela. Eta honek, bere alde ona eta txarra dauka, nola ez. Komentatu dugu mielina zorroaren garrantzia, eta garatzen denbora gehiago ematen baldin badu, bitarte horretan, zerebroa “ahulagoa” dela ondorioztatu dezakegu. Eta jakina da ere mielinaren eskasia edo ahulezia, neuro-endekapen gaixotasun batzuekin ere erlazionatuta dagoela.

Glia-zelulei buruz ere zeozer esan genuen “Memoriaren itxura” artikuluan.

Erreferentzia bibliografikoak
  • Jia Liu, Karen Dietz, Jacqueline M DeLoyht, Xiomara Pedre, Dipti Kelkar, Jasbir Kaur, Vincent Vialou, Mary Kay Lobo, David M Dietz, Eric J Nestler, Jeffrey Dupree, Patrizia Casaccia. "Impaired adult myelination in the prefrontal cortex of socially isolated mice". DOI: 10.1038/nn.3263
  • Manabu Makinodan, Kenneth M. Rosen, Susumu Ito, and Gabriel Corfas. "A Critical Period for Social Experience–Dependent Oligodendrocyte Maturation and Myelination" Science DOI: 10.1126/science.1220845
  • D. J. Miller, T. Duka, C. D. Stimpson, S. J. Schapiro, W. B. Baze, M. J. McArthur, A. J. Fobbs, A. M. M. Sousa, N. Sestan, D. E. Wildman, L. Lipovich, C. W. Kuzawa, P. R. Hof, C. C. Sherwood. "Prolonged myelination in human neocortical evolution" DOI: 10.1073/pnas.1117943109

. . . . .
Egilea: Achucarro Outreach Manager

 

Sarrera honek #KulturaZientifikoa 1. Jaialdian parte hartzen du

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina