(Yoshinori Ohsumi ikertzaileak 2016. urtean Nobel saria jaso zuen, autofagiaren inguruan egindako ekarpenengatik)
Urteak igaro ahala, gure gorputzeko beste atalen antzera, garuna ere higatzen joaten da. Ondorioz, adinarekin garunaren funtzionamendua makaltzen da eta egunerokotasuneko ekintzak burutzea gero eta zailagoa bihurtzen da. Jakingo duzuen bezala, garunak gure pentsamenduak, emozioak, ikasteko eta memoriak gordetzeko ahalmena zein mugimenduak kontrolatzen ditu, besteak beste. Funtzio hauen higadura zaharkitze naturalaren prozesuaren barne dago eta maila handiagoan edo txikiagoan adin aurreratuko pertsonetan nabari izaten da. Beste alde batetik, zaharkitze prozesuak garuneko gaixotasunak pairatzeko probabilitateak igotzen ditu. Hauen artean, gure gizartearen ongizatean gogor kolpekatzen dutenak neuro-endekapen gaixotasunak dira.
Garunaren natura eta konplexutasuna direla eta, neuro-endekapen gaixotasunak mailaka eta etengabe, atzera bueltarik gabe garatzen dira. Hau da, garuneko zelula multzoak gutxika hiltzen joaten dira eta hauek ez dira gehiago zelula berriez ordezkatzen. Honen ondorioz, garuneko funtzioak galtzen diren einean, hauek berreskuratzeko aukera galdutzat ematen da. Honen adibide dira gure gizartean gero eta indar gehiago duten Alzheimerra edo Parkinsona bezalako gaixotasunak. Alzheimerraren kasuan, hasiera batean memoriarekin zerikusia duten neurona multzoak galtzen dira. Bestalde, Parkinsonean mugimendua kontrolatzen duten burmuinaren zatiak hiltzen dira. Hala ere, hauen garapena aurrera doan einean, garunaren funtzioak beraien osotasunean malgutzen dira eta gaixoaren bizi kalitatea zeharo birrinduta geratzen da.
Azken urteotan ahalegin handiak egin dira adinarekin zerikusia duten neuro-endekapen gaixotasunen jatorria eta garapena ulertzeko. Beste arazo batzuen artean, adinarekin burmuineko zelulen ongizatean eta biziraupenean eragin handia duen prozesu bat kaltetzen dela ikusi da, autofagia.
Grekotik izenak berak aditzera ematen duen bezala, auto norbera eta phagos jatea, norbere burua jateko prozesuari deritzo autofagiak. Horrela, autofagiak zeluletan sortzen diren barne zaborrak kudeatu eta birziklatzera bidaltzen ditu lisosomara edo zelularen digestio aparatura. Beraz, autofagia neuronetan, barneko zabor pilaketa ekiditeaz arduratzen da, hauen funtzio egokia sustatzeko ezinbesteko prozesua izanik.
Adinarekin autofagiaren funtzioa makaltzen dela uste da, neuronen funtzioan eta biziraupenean eragin negatibo zuzena duten zaborren pilaketa erraztuz. Are gehiago, autofagiaren funtzio ez-egokia neuro-endekapen gaixotasunei lotuta ageri da, Alzheimerra eta Parkinsona barne. Izan ere, gaixotasun hauetan hiltzeko zorian dauden neuronek autofagia kalteturik izaten dute. Hori dela eta, autofagiaren funtzioa malgutzea sahiestu duten edo honen funtzioa berreskuratzen lagundu dezaketen bizimodu estiloak edo estrategia terapeutikoen bilakaera aukera bat izango litzateke garunaren zaharkitze prozesua geldiarazteko eta azkenik neuro-endekapen gaixotasunen garapena ekiditeko.
Hala ere, autofagia prozesu konplexua da eta honen nondik norakoak zaharkitze naturalean zein gaixotasunean fidagarritasunez ezagutzea ez da lan erraza. Are gehiago, nahiz eta orain arte egindako lanak autofagiaren promozioa lagungarria izan daitekeela adierazten duen, honen funtzioa kontrolpean berreskuratzeko bidea ere luzea izan daiteke. Izan ere, autofagia gutxiegi izateak zabor toxikoen pilaketa sustatzen duen bezala, autofagia gehiegi edukitzeak ere zelularentzako oinarrizkoak diren osagaiak galtzea ekar dezake, neuro-endekapena areagotuz.
Hortaz, autofagia bera prozesu bezala gehiago ezagutzea, adinak honen gain eragiten dituen gora-beherak, gaixotasun bakoitzean dituen ezaugarriak, eta autofagiaren sustapen kontrolatua, hurrengo urteetako neurozientzietako ikerkuntzentzako erronka berriak izango dira. Ikusi beharko da, beraz, autofagiaren ezagupena eta sustapena adinari lotutako burmuineko gaixotasunei aurre egiteko tresna bihurtuko den edo, alderantziz, promesa hutsean geratuko den. Edonola ere, autofagiari buruzko ezagutzak izan ditzakeen onurak kontuan hartzen baditugu, merezi izango du galdera hauek guztiak erantzun ahal izateak.
. . . . .
Egilea: Ainhoa Plaza-Zabala
Juan de la Cierva ikertzailea, Achucarro Basque Center for Neuroscience
Artikulu eta blog hauek, #KulturaZientifikoa eta #dazientziat ekimenak bultzatzen lagundu nahi dute.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina